Eman Hegoak: udaleku irekien lekuak

Negutik udaberrirako jauzia itxialdian eman dugu. Etxeetako ateak itxita udaberria loratzen ikusi dugu lau pareten babesetik. Apurka-apurka ordea irekiz doaz ateak. Udaberritik udarako jauzia kalean eman ahalko da. Horretarako Ikastolen Elkarteak prest du 2020ko ASIALDI eskaintza. Bizi dugun egoerara egokituriko eskaintza horren egitasmo nagusia da:

EMAN HEGOAK: UDALEKU IREKIEN LEKUAK

Aisialdi eskaintza berria da. Haurrek bizitako itxialdiaren ondorioei erreparatuz prestatu den proposamena. Espresuki sorturiko programazioak hezurmamitzen du eskaintza. Haurrek egungo egoeran dituzten beharrak kontutan hartuz sortua izan da.

Uda irekiaren lekua nagusiki KALEA izango da. Itxialdiaren ostean haurrek kalea behar dute eta. Plazak eta karrikak berreskuratu. Betebehar eta arau berriak kontutan hartuz egin beharko da ordea. Horietara ohitu eta egokitzen lagunduz gauzatuko da EMAN HEGOAK egitasmoa.

Proposamenaren xedea da: hezkuntzaren dimentsio guztiak berrartuko dituen eskaintza izatea, mugimendua, jolasa, natura, parte hartzea, euskara eta harremanak oinarri izanik.

EMAN HEGOAK: uda irekiaren lekuak egitasmoaren programa astez astekoa da. Iraungo dituen 5 asteetan gai bana jorratuko da asteko. Hona programa ardazten duten gaiak:

  • LAUBURUA. Naturaren lau elementuak
  • Maite ditut maite gure bazterrak
  • Gorputza, mugimendua, osasuna
  • Harremanak eta emozioak
  • Txapela buruan eta jolastu munduan

Informazio orokorra

Egitasmoa Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua dago.

  • Haur Hezkuntza (3-5 urte) TXEPETXAK
  • Lehen Hezkuntza (1-3 mailak) BIRIGARROAK
  • Lehen Hezkuntza (4-6 mailak) MIRUAK

Egutegia

Goizero, astelehenetik ostiralera ekainaren 29tik uztailaren 30era (5 astez)

Izen ematea eta prezioa

Maiatzaren 15etik ekainaren 12ra izango da. Ikastolan bertan egin behar da. Asteka egiteko aukera egongo da.

Aste bakoitzeko prezioa 55€ da.

Informazio gehiagorako 688 811 154 telefono zenbakira deitu edo ikastolan bertan galdetu.