Aisialdi Hezitzailea, ikasturte berrian

Ez dira aste errezak izaten ari. Covid-19 birusak sortutako pandemiak gogor jo du gure gizartea: konfinamentua, ikastolen itxiera, telelana… Birusak eragin duen krisi sozial eta ekonomikoen ondorioak pairatzen hasi gara eta denboran luzatuko direla aurreikusten dugu.

Birusak gure bizitzak hankaz gora jarri ditu. Ikastoletako sarea osotzen dugunok, parean jarri zaizkigun zailtasunei aurre egin eta gure lanarekin jarraitzeko ausardia eta egokitzeko gaitasuna erakutsi dugu. Jakin badakigu, momentu honetan hezkuntza komunitatearen lehentasuna ikasturteari bukaera egokia eman eta hurrengoaren hasiera antolatzea dela.

Hala ere, Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldetik argi dugu gure haur eta gazteei itxialdiak sortutako gabeziak badirela. Hainbat dira konfinamenduak haur eta nerabeen osasun fisiko, psikiko eta emozionalean dituen arriskuaz ohartarazten diguten ahotsak. Egoera honek kezka eta ardura eragiten digu, gure haur eta gazteak etorkizuna izateaz gain oraina ere badirelako; haur eta nerabeen eskola, herria, gizartea bera delako. Haur eta nerabeek ingurunea ulertzeko, harremantzeko jolasa behar dutelako. Jolas arauak errespetatuz elkarbizitzen ikasten dutelako. Zenbait haur eta gazterentzako aisialdiko eskaintza euskararen arnasgune ere badelako. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi, lanera itzulera gero eta orokorragoa den honetan, familien kontziliazio beharrei ere erantzuten diela aisialdiko eskaintzak.

Aisialdi hezitzailea, baita uda honetan ere!
Aisialdi hezitzailea, baita uda honetan ere!

Horregatik, uda honetan, aisialdi hezitzaile eskaintza baten beharra inoiz baino beharrezkoagoa dela pentsatzen dugu. Aisialdiko jarduerek duten balioa eta garrantzia aldarrikatu nahi dugu, aisialdia baloreetan oinarritutako heziketa eta zaintza gunea dela ulertzen dugu. Aisialdiko jarduerak haur eta gazteek sozializatzeko, jolasteko, elkarbanatzeko, sentitzeko, esperimentatzeko, gozatzeko eta ikasteko espazioak dira, eta garrantzi handikoak dira giza-garapen integralerako.

Konfinamentuak haurrengan sortu dituen beharrizanei erreparatzea dagokigu orain, eta gure esku dago beharrizan horiek asetzeko aisialdiko jarduerak antolatzea eta garatzea.

Birusak hor jarraitzen du, eta ziurgabetasun egoera honek sortzen dituen beldurrak eta zalantzak ulertzen ditugu. Arduraz jokatu behar dugu baina ekiteko garaia da. Tokian tokiko egoera baloratu eta horren araberako erabakiak hartu behar ditugu.

Beti egiten dugun bezela haur, familien eta hezitzaileen ongizatea, osasuna eta babesa bermatzeko beharrezko neurriak hartuko ditugu eta protokoloak osatuko dira. Proposatzen diren jarduerak eta ekintzak protokoloak betetzeko moldatuko dira eta arduraz jokatuko dugu, hau dena posible dela sinisten dugulako.

Hau guztia kontuan izanda, aisialdiko eskaintza hezitzailea osotzeko programazioa berritu dugu, ikastola bakoitzaren baliabide eta errealitatera doitu eta egokitu behar dena.

2020ko udako aisialdiko esperientzia baliagarria izango da haur eta nerabeek higiene eta babes neurriei buruzko errutina berriak ikasi eta barneratzeko.

Aisialdiko jarduerak inoiz baino beharrezkoagoak direlako. Beraien eskubidea da, denon erantzunkizuna da.

Aisialdi hezitzailea, baita uda honetan ere!