EMAN HEGOAK: UDA IREKIAREN LEKUAK

Negutik udaberrirako jauzia itxialdian eman dugu. Etxeetako ateak itxita, udaberria loratzen ikusi dugu lau pareten babesetik. Apurka-apurka ordea irekiz doaz ateak eta udaberritik udarako jauzia kalean eman ahalko dugu. Hortik dator Ikastolen Elkartearen udarako aisialdi eskaintzaren egitasmo nagusiaren izena: EMAN HEGOAK: uda irekiaren lekuak.

Aisialdi eskaintza berria, haurrek bizitako itxialdiaren ondorioei erreparatuz prestatu den proposamena da.  Espresuki sorturiko programazioak hezurmamitzen du eskaintza.  Haurrek dituzten beharrak kontuan hartuz sortua izan da eta.

Uda irekiaren lekua, KALEA izan behar du nagusiki. Itxialdiaren ostean haurrek kalea behar dute, plazak berreskuratu, karrikak berrartu, baina betebehar eta arau berriak kontutan hartuz egin beharko da. Hauetara ohitu eta egokitzen lagunduz gauzatuko da egitasmoa.

Proposamenak xedetzat du hezkuntzaren dimentsio guztiak berrartuko dituen eskaintza izatea, mugimendua, jolasa, natura, parte hartzea, euskara eta harremanak oinarri izanik. Bai eta, haurren arteko harremana berreskuratzea ere. Berriz elkarrekin harremantzea, elkar aritzea.

Helburu hauek jorratzeko astebeteko 5 programa garatu ditugu, aste bakoitzerako gai bat hautatu dugularik:

  • LAUBURUA. Naturaren lau elementuak
  • Maite ditut maite gure bazterrak
  • Gorputza, mugimendua, osasuna
  • Harremanak eta emozioak
  • Txapela buruan eta jolastu munduan

Izen ematea asteka egin daiteke eta aste bakoitzeko prezioa 55€ da.

Informazio gehiagorako 688 811154 telefonora deitu edo ikastolan bertan galdetu.

KAIOLA IREKI DA. EMAN HEGOAK HAURREI!